Eli Crespo naiz

Astrologiak liluratuta nauka. Etengabe ari naiz ikertzen, eta, egia esan, tresna honen ahalmenak bereganatu egin nau. Eskaintzen duen informazioaren sakontasuna eta zehaztasuna benetan harritzeko modukoak dira.

Bizitzaren hizkuntza sinbolikoak jakin-mina sortu dit betidanik. Kuriositate horrek, espero gabean, astrologiarantz eraman ninduen, eta aukeraz beteriko unibertso horrek hasiera-hasieratik harrapatu ninduen. Nire karta astrala ezagutu nuenean, mapa izugarri praktikoa aurkitu nuela jakin nuen, nire blokeoak, lokartutako talentuak eta aurrez aurre nituen erronka nagusiak ulertzeko tresna oso baliagarria iruditu baitzitzaidan. Quiron sendatzaile zaurituaren arketipoak inspiraturik, zailtasun bakoitzak helburu bat duela ulertu nuen. Gainera, gure itzaletan argia jarriz, alderdi horiek dohain bihur ditzakegula egiaztatu nuen. Hala, bizitzan norabide argiagoa eta zentzudunagoa har dezakegu.

Horrela, astrologia nire pasio nagusi bihurtu zen, eta urteetako ikerketa sakonaren ostean, Eguzkitoki sortzea erabaki nuen. Nire arima pizten duen proiektua da, eta pertsonen autoezagutza eta eraldaketa prozesua argitzea du helburu. Uste dut barrurako bidea ez dela zertan sufrimenduz beteta egon behar, baizik eta gozamen handiak ekar ditzakeela. Horregatik, poz handia ematen dit norbaitek nirekin esertzea erabakitzen duen bakoitzean, bere izar-mapa argitzeko prest.

Jaiotze karta irakurriz, pertsona bakoitzari bere konfigurazio arketipikoa identifikatzen laguntzen diot, bere oztopoak ulertzen eta bere baitan dabiltzan indarrak eta energiak bereizten. Laguntza-prozesu honetan, astrologia terapeutikoan eta Gestalt terapian egindako formakuntzak uztartzen ditut, baita bi hamarkadatik gorako Bigarren Hezkuntzako irakasle-esperientzia ere, gazte-gaztetik eragiten diguten portaera-patroiak behatuz.

Autoezagutzaren bidaian astrologia izan dut bidelagun, eta ondorioz, abentura honetan murgilduta daudenekin edo orain abiatu nahi dutenekin partekatu nahiko nuke, niretzako benetan baliagarria izan baita. Egitasmo hau banakako saioekin hasi da, eta aurrerago, astrologia ikasi eta eguneroko bizitzan txertatu nahi dutenentzat tailerrak eta formakuntzak ere eskainiko ditut.

Ikusminak edo gatazkaren bat konpontzeko beharrak ekarri zaitu honaino? Beti ere, ongi etorria zara Eguzkitokira. Bertan, zure esentziarekin berriro konektatu eta zure helburu nagusiekin bat egin ahal izango duzu.

Espazio segurua

Konfiantza funtsezko giltzarria da niretzat, eta, horregatik, norbere burua epaiketarik gabe deskubritu ahal izateko espazio segurua eskaintzen dut. Harreman maitekor eta elikagarriak sortzea gustatzen zait; berdinen arteko topaketa izango dugu, enpatia eta errespetua oinarri. Nire helburua da pertsona bakoitzaren erronkak eta talentuak identifikatzea, bere ahalduntzea bultzatzeko; itzalak argituz eta potentziala azpimarratuz. Izan ere, sinetsita nago autoezagutza-prozesuak ez gaituela zertan sufrimenduan hondoratu, baizik eta gozamen handia ekar diezagukela.

Eguzkitoki nire jaiotetxearen izena da. Egia esan, betidanik sentitu dut eguzkiarekiko eta haren energia biziberritzailearekiko lotura berezia. Gauaren edertasuna eta zeru zabala begiratzeak beti plazer handia eman dit. Astrologiari ekitea erabaki nuenean, ez nuen zalantzarik izan: Eguzkitoki izango zen nire proiektuaren izena, bere esanahiagatik eta nire ikuspegi astrologikoa ezin hobeto definitzen duelako.