Astrologian, nortasunarekin lotutako funtzioak —funtsezko identitatea, norberak bere buruaz duen irudia— Eguzkiarekin du zerikusia, gure sistema gidatzen duen izarrarekin. Eguzkia gure barne-orkestraren zuzendaria bezalakoa da: instrumentu bakoitzari bere unea ematen dio, bere ekarpena beharrezkoa denean. Noiz da hobe soinu leun eta orekatua ? Noiz indartsua? Zenbat iraun behar du isiltasunak azken klimaxera iritsi aurretik? Eguzkiak nor garenaren kontinuum-sentsazioa ematen digu, geure buruarekin konektatuta sentiarazten gaituena.
Agian, zure amari gehiegizkoa egiten zitzaion zure energia bizia, etxean korrika, oihuka, ezpata batekin jolasean, bera lanegun luze baten ondoren nekatuta zegoelarik, eta lasaitasuna eta isiltasuna behar zituenean. Agian, zure lotsak deseroso sentiarazten zuen aita, zu institutuko saskibaloi-taldeko izarra izatea amesten baitzuen. Edo agian, zure irudimen bizia eta zure azkartasuna gogaikarria egiten zitzaizkion anai-arreba nagusi hari, zure distirak berea itzaltzen zuela sentitzen baitzuen.
Eta pixkanaka, zure berezkotasuna kontrolatzen ikasi zenuen. Ausardia antzezten ikasi zenuen, horrek agortzen bazintuen ere. Zure distira ezkutatzen ikasi zenuen, besteak deseroso ez sentiarazteko. Maskarak janzten hasi zinen. Eta garai horretan, egia esan, funtzionatu zuen: egokitzapen sortzailea izan zen, une hartan zenituen baliabideekin egin ahal izan zenuen onena.
Baina maskara hura, aurpegi-babes bat baino ez da: maitasuna, zaintza edo onarpena ekarriko zizkizula uste zenuenaren irudi gogortua. Ez da zure azala, ez dira zure benetako ezaugarriak. Kentzea erabaki dezakezun zerbait da, zure azalari berriro arnasbidea emateko.
Zenbat eta maskara gehiago jantzi, orduan eta askatasun eta naturaltasun gutxiago sentitzen dugu. Eta zenbat eta eguzki-argi gehiago sartzen utzi gure bizitzan, orduan eta bizi poza handiagoa sentitzen dugu. Eman iezaiozu zeure buruari zure argi sakonena esploratzeko eta harekin berriz konektatzeko aukera. Eman iezaiozu zeure buruari zure argia zabaltzeko aukera.
Zeure Eguzkitoki izan zaitez! ☀️